XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Quintanak dioenez, mota horretako filmetan kontakizunaren pisua eraman duten mugimendu dramatikoek garrantzia galtzen dute, eta bigarren mailan zeuden hainbat alderdik hartzen dute istorioaren muina, Bost emakume Utamaroren inguruan filmean gertatzen den bezala.

Mizoguchiren filmografian zehar ikuskizun mota desberdin ugari azaltzen dira, narrazioan ezin hobeki sartuz.

Kasu askotan, pertsonaiak ikuskizun baten tankera duen zeremoniaren bateko ikusleak dira, azken finean zuzendariaren poetikan ikuspuntu berrien erabilera etengabe azaltzen baita, autokontzientzia maila desberdinak ezarriz.

Carlos Losillaren hitzetan, alde batetik Mizoguchi iradokizunaren poeta litzateke, elipsiarena, lasai begiratzen uzten diguten plano luzeena, Sortaldeko lasaitasun topikoaren ordezkarietako bat, eta, bestetik, deserrotzearen eta zorion ezaren kronikaria, amorruz beteriko diskurtsoak botatzen dituen feminista borrokalaria.

Beraz, aditu honen ustez, Mizoguchiren obran edertasuna eta miseria, apaltasuna eta dotorezia nahasten dira bortizkeriaren eta alde ilunaren aurka; baina hori ez da guztiz egia, Mizoguchirengan irudiak ez baitira kontrajartzen; aitzitik, batu egiten dira.

Bitasun hori komunio batean bukatzeak ez du batere errazten zinemagilearen obraren azterketa, Losillak dioenez.

Mizoguchik edertasuna miseria bilakatzen du, eta alderantziz; azkenean, bizitza bat eta bakarra dela adierazten du.

Mizoguchiren bi irudiez hitz egiten du Carlos Losillak, historialaria eta kronikalaria, dena berraztertu nahi duen nostalgikoa eta erreporteroa, azken horrek dirudienez ez adieraztea nahiago lukeen zerbaiten bidez hitz egiten duelarik.

Mizoguchik prostituzioari buruzko lau film egin zituen;